XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lucien ETXEZAHARRETA: Indietako exarpa xuri beltz bat bezala.

Joan den asteko segida: Oto batek leherturik, gatu bat hiltzen ari da bide bazterrean.

Huna gure idazleak, hunen ondoan pasatzean eta bere begiak ikustean ukan zituen gogoetak.

Eta bi argi horiek... Bi begiek eni buruz bota, gezi horiek gogoa alan jartzen nie.

Bat bateko holako gertakariek burua pizten zaitaie... eta bat batean karkulan nagok nolaz holako dirdira duten.

Norbaitek errana zautak noizbait gatuen begiek beren baitarik argitzen dutela, bainan ez diat hori sekulan segurtatu ahal izan, liburu batean edo bestela.

Erranen dautak ene otoko argiek argitu dituztela, ba, bainan zoin petreilak dituztan balio dik ikustea.

Gero, argi konzentratze bat begiek egiten dutela hain segur hala zukek.

Funtsean, kanika forma bat die lehen, ene haur denborako bide bazterretako ageri emaileetan bezala.

Ba zukan preseski ene etxeko ondoan halako hiruko bat zeta batekin; bihurguneak erakusteko eta zeta horren eremuan kanika batzu ezarriak zituan.

Gauaz, argitzen zitean oto bakanen argian, gu miretsiz.

Horko gatuaren begiek bezala.

Ba, seguraz ere, begiek duten ninikaren kanika esferikoak hori ekar lezakek: mirail efetu bat.

Esferoen geometria laketak erakusten duen isladatzeko legea.

Efetu beldurgarri bat zukan: gauaren erdian, bizi hil batek botatu dei bat bezala!.

Orroit nauk, gau batez... oso aspaldi duk.

Izan ninduan mendi xoko batetako etxe batetara joaiteko ahalarekin.

Aste bat lagun batekin, eta zer astea! Urriko euriak, jauts ahala, gelditu gabe ari izan zituan aste guzia, eta zer haizea!.

Halako bakartasun batean ninduan ezagutzen ez nuen etxe horren barnean.

Zerbaiten bila ninditakean orduan ene ezin biziaren baldintzak kanbiatu nahiz.

Eguneroko gataska, lan eta neke bideetarik urrunduz... beste lilluraketa bat.

Bai, zinez, bazter urrunak zituan, mendi mazela batean, G. herriaren auzoan.

Sekulako gaztain ondoz inguraturik etxe bakartiar bat zukan.

Ba zitian auzoan etxe huts abandonatu batzu.

Urteak eta urteak gaztainak nehork ez zituela biltzen.

Eta ere mahasti sasituak! alimaleko sasiekin bainan hala ere mahats molkoz beteak.

Laparren erdian, haien biltzea zer atsegina....

Orroit nauk ere orduko sendipen batzuetaz, hala nola iduri zitzatan mahats biltze horrek ba zuela hautu peningarri baten itxura bezala.

Batzu baizik ez bainintuen biltzen ahal.

Eta ondo bildu bakar haieri bizia emaiten nielako ustekeria bat bezala nian.

Leku horien heriotzaren kontra ez nuela deus egiten ahal, jestu bat baizik, ene ahalen ez deusa erakusten ziatan jestu mugatu bat....

Gau batez, jeiki ninduan, haize eta euri zirimolek atzar arazirik.

Sukaldera joaiteko, etxe guzia trebesatu behar zukan.

Hango etxeak ez dituk batere hemengoak bezalakoak.

Iduri die herrixka bat.

Ba, zinez lau bost etxe bat besteari lotuak balire bezala.

Lehenagoko egoitzen eta bizi moldeen araberakoak, dudarik gabe.

Leku patartsuak dituk eta hortako ere, behar bada, eremu zabaleko etxerik ez die egiten ahal.

Itsumandoka beraz abiatu ninduan, gauaren erdian, zeren eta barne batetik bestera joaiteko argiaren pizteko botoinak xekatu behar nintian.

Gainera, leku horri ez ninduan oraino trebatua.

Funtsean, hala nuk, denbora ainitz behar diat leku baten ontsa ezagutzeko.

Gauza horrek beti harritu nik zeren eta zonbait, aldiz, berehala bazterrak beren baitaratzen ditie....

Beraz, ibilki ninduan loz ere erdi itsumandoka sukaldeari buruz.

Gainera, gauak, bakartasunak eta denboraren marrumak, ene baitan, halako ximiko bat sor arazten zitean.

Sukaldera heldu eta, ur xorta bat ekar arazten diat errobinetan eta orroit nuk baso bat ezkerreko eskuarekin hartua nuela.

Gogoetan ari nindukan nola joan zen egunean ura nekez heldu zela errobineta hortarik....

Burua altxatzen diat berinari buruz.

Aaaa!! Dirdiran, hurbil hurbilak, bat batean, bi argi.

Zer ote dira bi argi horiek? Segida helduden astean.